XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ERLIJIOA EUSKAL UNIBERTSITATEAN

Uztailaren 17 hasi zen aurten Udako Euskal Unibertsitatea (UEU).

Hamabost egunez iraun zuen.

Bigarren egunean (Uztailak 18), Juan José Goenagaren artikulu bat irakurri nuen EGIN egunkarian.

Hauxe zuen bere titulua: .

Oso gogo handiz irakurri nuen artikulua; nik neuk ere lehentxotik nuen horrelako kezka.

Goenagak puntu-puntuan eta garai-garaian jo zuela uste dut.

Ez nator orain artikulu hari erantzunen bat ematera; ez eta haren oihartzuna egitera; ez eta bi lagunen arteko elkarrizketa soil bat muntatzera.

Udako Euskal Unibertsitatearen aurrean gai garrantzizko bat planteatu zuela uste dut; eta gai horren azterketa eta eztabaida luzatu eta zabaldu egin behar dela gainera.

Aurrenik, ordea, ohartxo batzu egin nahi nizkioke Goenagaren artikuluari.

Ni ez nago Udako Euskal Unibertsitatearen Comité ejecutivo delakoan; horrelako izenekorik izan ere ez da UEU-n, nik dakidanez.

Dena dela, ba da Idazkari bat, ba dira batzorde batzu, eta ba dira Sailetako zuzendariak ere.

Neure aldetik, nahiko hurbil ibili izan naiz, Udako Euskal Unibertsitatea hasi zenetik.

Horregatik, ohartxoren bat egiteko gauza naizela uste dut; ez, ordea, neure eta inoren defentsa egiteagatik, eta bai punturen bat edo beste bere lekuan uzteagatik.

Egia da UEU-ren programazioetan ia erabat kanpo gelditu izan dela Erlijioaren gaia; baina ia erabat bakarrik, ez erabat-erabat.

Lehen urtean behintzat programaren barruan zeuden bi hitzaldi, Erlijioari aski lotuak: bata, Charritton-ek eman zuena, eta bestea, nik neuk eman nuena.

Nereak titulu hauxe zuen: Fedea eta kultura.

Geroztik Jaunaren Deia aldizkarian argitaratu zuten.

Bigarren urtean ez dakit UEU-ren programa ofizialean horrelako gairik ba zenik; dena dela, Euskal Elizari buruzko mintegi txiki bat egin zen.

Geroztik alorrak eta sailak hobeto berezitu dira UEU-n; eta, nik dakidanez, erlijio zientziek ez dute beren sail propiorik eduki.

Batez ere Goenagak esaten duen hauxe ukatu nahi diot.

Berak dio: (nik neuk azpimarratzen dut) .

Nik neuk argitu beharra daukat, sistemáticamente ez dela erlijioa baztertu; alderantziz, behin baino gehiagotan UEU-ren arduradunek eskatu izan dutela, erlijioari buruzko saila muntatzeko.

Neri ere esan izan didate.

Eta dena dela, UEU-ren barruan, azken urteotan behintzat, beti izan da askatasun osoa sail berriak programatzeko.

Sail bakoitzean kezkaturik eta lanean dabilenari utzi izan zaio, nahi izanez gero, UEU-n bere saila programatzea.

Zergatik ez da erlijio zientzien saila programatu, eratu eta landu?

Goenagak berak ematen du hainbat arrazoin egiazkoak eta egoki emanak direla uste dut.

Baina besteren bat ere erantsi nahi nuke.

ARRAZOIN GEHIAGO

Inoiz Joxe Azurmendik idatzia du, euskal kulturak erlijioaren kritika gutxi eman duela.

Sarritan aipatu izan da euskaldunaren antiklerikalismoa, etab.

Baina erlijioaren kritika sistematikoa ez da landu izan.

Horregatik erlijioa ez da hartu izan, posizio eta jarrera neutral eta kritiko batetatik aztertu daitekeen zerbait bezala.

Hau eragozpen bat da, erlijioaren zientziak Unibertsitatean sartzeko.

Bide bat urratu beharra dago, alde horretatik.

Bestalde, erlijioaren arazoa beste aldetatik ikusi izan da hemen inguruko Unibertsitate eta kolegioetan: hau da, erlijioa fede edo konfesio katoliko bezala hartu da.

Orduan erlijioaren arazoa zera izan da: Unibertsitatean teologia katolikoa edo dotrina katolikoa irakatsi behar zen ala ez; erlijioa dotrina katolikoa, ikasi beharreko gaia izan behar zuen ala ez.

Beraz erlijioa ez da hartu kulturaren sail bezala, eta bai konfesio problema bezala.

Bide honetatik, gure inguruko Unibertsitateetan badira edo izan dira kapilauak edo zuzendari izpiritualak; baina ez da erlijio zientzien instituturik.

Apostolutza edo proselitismoaren mailan jarri da erlijioaren arazoa Unibertsitatean, eta ez zientziaren mailan.

Guzti hau eragozpena izan da eta hala da, Udako Euskal Unibertsitatean eta geroko Euskal Unibertsitatean erlijio zientzien Institutua sartzeko.

Udako Euskal Unibertsitatean oraindik zientzi eta kultur sail asko kanpoan gelditzen dira zoritxarrez.

Ez da eratzaileen erruagatik.

Gauza nabarmena da, giza zientziak eratu gabeagoak dabiltzala Udako Euskal Unibertsitatean.

Hauen artean, eratugabeagoa gelditu da erlijio zientzien Institutua sartzeko.

Baina zein erlijio sail?

Egia baino egiagoa da, erlijioaren fenomenoa nahi ala ez garrantzizkoa dela oraindik Euskal Herrian.